LAGUNTZA EKONOMIKOA
Diru-sarreren Bermerako eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoek zera eskaintzen dute:
1. Zuzenbideko prestazio ekonomikoak:
Diru-sarreren Bermerako Errenta:
Hilero jasotzen den laguntza ekonomikoa da. Bere xedea da behar besteko baliabiderik ez duten gizabanako eta familien oinarrizko beharrizanei aurre egitea, aukera izan dezaten lana aurkitzeko.
Laguntza hau jaso ahal izango dute baliabiderik izan ez, edota beraien beharrizanak asetzeko besteko baliabideak ez dituzten pertsonak, zenbait baldintza betetzen badituzte:
Izan daitezke langabezian dauden pertsonak, baliabide urriak dituzten langileak, pentsiodunak, bestelako pentsioak jasotzen dituztenak, eta abar.
Etxebizitzarako Diru-laguntza Osagarria
Aldizka jasotzen den laguntza ekonomikoa da, Diru-laguntzen Bermerako Errentaren osagarria. Bere xedea da eltxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren alokairu-gastuak ordaintzea, alokairu-mota edozein dela ere: azpierrentamendua, koerrentamendua, ostatu ematea edota gelak alokatzea.
Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera
Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bezala, prestazio bat da. Xede du pertsonen pobrezia- eta gizarte-bazterketako arriskua prebenitzea; hain zuzen ere, oinarrizko premiak asetzeko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonenak.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren osagarria eta subsidiarioa da.
Laguntza hauei buruzko informazioa eta bideratzea honako helbidean lor daiteke: Lanbide.
2. Diru-laguntza bidezko laguntza ekonomikoak:
Gizarte Larrialdietarako laguntzak
Gizarte-larrialdietarako laguntzak prestazio ekonomiko ez aldizkakoak dira. Beraien helburua da baliabideak ematea gastu espezifikoei -ohikoak zein apartekoak- aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonei; eta laguntzea, era berean, ohiko etxebizitzaren eta bertako oinarrizko ekipamenduaren erabilera eta mantentzetik eratorritako gastuekin. Era berean, laguntza honekin aurre egin ahal izango zaie sistema publikoak ordaintzen ez dituen oinarrizko beharrizanei, eta aurretiazko zorpetze-gastuei ere bai.
Laguntza hau jasotzeko, baldintza batzuk bete beharko dira, hala nola: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenagotik, gutxienez; 18 urte beteta izatea; eta aurreikusitako gastuei aurre egiteko behar besteko baliabiderik ez izatea.
Laguntza hauetarako aurrekontua mugatua da, hau da, finantziazioa agortu bitarteko beharrizanei baino ez diete erantzungo. Hori dela eta, urtero-urtero zabaltzen da epea laguntza hauek eskatzeko.
Non?
Epe horri eta laguntza horren izapideari buruzko informazioa Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo 010 telefonoan lor daiteke.
Gizarteratze-laguntzak
Izaera ekonomikoko aldizkako laguntzak dira. Horien xedea da gizarte-bazterkeria egoera edota arriskuan daudenen oinarrizko beharrizanei aurre egitea, eta pertsona horiek gizarteratzen laguntzea.
Laguntza hauek eskatu ditzakete Diru-laguntzen Bermerako Errenta eskatu ezin dutenek eta elkarbizitza-unitate independentea osatzen dutenek.
18 urte beteta izan beharko dute, eta Bizkaiko edozein udalerritan erroldatuta egon beharko dute, eskabidea aurkeztu baino 30 hilabete lehenagotik, jarraian.